2010/05/07

BIDEOAREN NONDIK NORAKOAK II

Taldekideon artean pentsatu, eztabaidatu, partekatu eta adostu ondoren teknografian azaldu beharreko ideia eta mezua zein izango zen argi geratu zitzaigun. Hala, kontatu nahi genuen hori nola kontatu genezakeen pentsatzeari ekin genion. Norberak buruan duen hori nahi eta behar bezala komunikatzea maiz ez da lan erraza izaten, ordea, eta buruan genuen hori, bideoan islatu behar genuen.

Narrazio linealak nondik gatoz, non gaude eta nora goazen logikari jarraitzen badio ere, gure teknografia non gaude galderarekin hasiko genuela erabaki genuen, azken batean, non gauden galderari erantzuteko ezinbestekoa baitzaigu nondik gatozen galderaren inguruan pentsatzea. Guk txikitan egindako artelanak izango ziren iraganaren ispilu; egindakoa erakutsiz, bizitutakora hurbilduko ginateke neurri batean. Txikitako artelanak bildu eta klasera ekarri genituen, hauei argazkiak ateratzeko asmoz. Hala ere, ez dakigu oraindik nola, baina poltsa batean gorde genituen beste lan batzuekin batera eta ez ditugu aurkitu! Horrela, nondik gatoz atala beste lan batzuen argazkiekin osatu dugu. Gureak ez badira ere, guk egindakoen antzekoak direnez, baliagarriak iruditu zitzaizkigun.

Bideoan ikusten den legez, espazioa ezagutuz eta taldekideon begiradak gurutzatuz oroitzapenetan murgilduko gara. Gero, iraganetik orainera egingo dugu salto eta errealitate kolore bakar eta karratua ikusiko dugu. Saltzen diguten errealitatea bakarra eta iraunkorra bailitzan. Errealitatearen eraikuntza itxi eta hotz hau desegiten hasiko gara gure errealitate berria eraiki ahal izateko; gure bizipenekin osatutakoa eta gure nahiekin eta beharrekin indartutakoa. Artea egiteko, sentitzeko, bizitzeko beste moduak badirela aldarrikatzen dugu; beste mundu bat posiblea dela, alegia. Metafora hau Lego eraikuntza batzuen bitartez irudikatu dugu.

Errealitate berri hori, ordea, ez dugu aukera bakarrarekin erlazionatu nahi; horregatik, ate ezberdinak aurkeztuko ditugu eta hauen atzean bide ezberdinak. Dagoena zalantzan jartzea eta honen inguruan hausnartzea proposatzen dugu, abiapuntua hau izanik, ondoren guk nahi dugun bidea eraiki dezagun.

Argazkiak, bideoak, marrazkiak, musika… material guztia prest geneukan gure bideoa egin ahal izateko. Gelan, kalean, etxean egin genuen lan eta guztia muntatzea besterik ez zitzaigun falta. “Besterik” esateko modua bat da eta kasu honetan, ez oso egokia. Izan ere, bideoaren muntaian eduki ditugun arazoak ez dira gutxi izan. Argazki eta bideoen formatua lehenik, Movie Makerra gero,… Oraindik horrekin gabiltza eta gogo eta pazientziarekin lan txukuna geratzea espero dugu, egindakoak bere emaitzak izan ditzan, teknografia egindako lanaren erakusgarri izan dadin.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada