2010/03/23

ARTELEKU


Artelekun lantzeko aukeratu genuen gaia ZINEMA da. Bertan bi libururekin egin dugu topo eta ondokoa pentsatu dugu.

“International film guide 2008” liburua, nazioarteko pelikulei buruzkoa da eta honek inspiratu gaitu, zinemaren gaia aitzakiatzat hartuz, kulturartekotasuna lantzeko irakasle-ikasle arteko elkarrizketen bidez. Irakasleak galdera irekiak proposa ditzake, eta erantzunen arabera pixkanaka kulturatekotasunaren gaira gidatu. Adibidez, Zinemara joaten al zarete? Zer ikusten duzue bertan? Nola egiten dira pelikulak? Nolakoak dira pelikulak (gaia, pertsonaiak,…)? Non egiten dira? Aktoreak berdinak al dira? Nongoak izan daitezke?. Nolanahi ere, garrantzitsua izango da hau guztia haurrek duten ezagupenekin lotzea; honetarako, haurraren ikuspegirantz joko genuke behin eta berriro, ikusten duten zinema motari (marrazki bizidunak) erreferentziak eginez (marrazki bizidunak herrialdearen arabera ere desberdinak baitira).

Gai honekin lotuta, beste liburu bat topatu dugu, “Cine vasco: ¿realidad o ficcion?”. Kasu honetan, izenburuak berak zer pentsatu eman digu. Izan ere, haur hezkuntzako umeak etengabe ari dira errealitatetik fikziora joan-etorriak egiten jolas sinbolikoen, poesiaren edo ipuinen bidez. Hala, haurraren garapen maila zein den jakiteko, errealitatearen eta fikzioaren arteko bereizketa egiten ote duten jakitea ezinbestekoa deritzogu; honetarako jarduera egokiak aukeratu edo ekintzak bideratu egin beharko ditugu adinean aurrera egin ahala fizkiozko mundua alboratzen joan daitezen. Hala, zinemari dagokionez, eskolan egiteko proposamen bat honakoa izan daiteke: antzerkia eta dramatizazioa ohiko ekintza direnez, irakasleok hauek graba ditzakegu eta gero denen artean ikusi; grabaketak errepika ditzakegu haurrei grabatzeko aukera emanez. Baina ez du zertan grabaketa hutsean geratu behar. Aitzitik, zergatik ez zinemari buruzko proiektu bat landu? Aukera polita izan daiteke haurrek diseinuan, antolakuntzan, mozorroetan, testuetan eta grabaketan parte hartzeko. Aukera polita hain modan dauden “konpententziak” eskuratzeko.

Hasiera batean, ZINEMA helduon gaia dela iruditu zaigu, baina pentsatzen jarrita, haurrekin edozein gai lan daiteke, noski, beren adinera eta garapenera egokitua..

HAUR HEZKUNTZA ETA MUSEOAK


Koldo Mitxelena eta Artelekura irteerak egin ondoren, gogoeta txiki bat egin dugu taldekideon artean. Gure eskola garaian museoren batera joaten ginenean, bisita oso antolatua izaten zen. Gidak esan beharrekoa kontatzen zigun eta gu, isil-isilik eta ezer ukitu gabe, entzuten egoten ginen. Txandak egiten genituen erakusketan zegoena ikusteko, eta handik berriro eskolara.

Hau dela-eta, artea eta museoak seriotasunarekin erlazionatzen genituen, eta urrunekoa, aseptikoa sentitzen genuen, askotan baita aspergarria den zerbait bezala ere. Gaur egun, aldiz, irteeretan jaso eta webguneetan ikusi dugunaren arabera, museoek, hezkuntza ikuspegitik, artearen inguruan jokatzen duten paperari buruz genuen ideia aldatu da. Ekintza asko eskeintzen dira museoetan. Gauzak ikusteaz gain, ukitu ere egin daitezke, baita sentitu eta gozatu ere aldi berean. Honekin lortzen dena da haurrak artean murgiltzea eta bizitzea, era berean, artea bestelako adierazpide-modutzat ulertuz.

Artea bizitzeaz ari garelarik, ikusi dugunaren arabera, jarduera asko irekiak dira. Guk gure eskolan ezagutu genituen jarduerak guztiz gidatuak ziren eta azkenean denok lortzen genuen produktua berdina zen. Jarduera hauek aldiz, zati batean zehar gidatuak dira, baina sormenari ere lekutxo bat uzten diote. Haur bakoitzak egin nahi duena aukeratu eta barnean dauzkan sentipenak eta mundu-ikuskera atera eta adieraz dezake.

Euskal Herriko Guggenheim eta Artiumeko web orriak ikusi ditugu baina gipuzkoan Koldo Mitxelenaz eta Artelekuz gain ez dugu besterik ikusi (beste ikasgai batekin Itsas Museora joan ginen eta bertan Donostialdeko museoei buruz ere hitz egin ziguten). Ikusitakoetan eskasa, haur hezkuntzarako eskaintzak eskasak dira; hau haurrek dituzten gaitasunak gutxiestearen ondorio izan daiteke, alegia, haurrek duten potentziala aintzat ez hartzearen isla. Mupai edo El Puigeko museoak hemengo museoekin konparatuz gero, haur hezkuntzari begira askoz deigarriagoak dira. Haur hezkuntzarako eskaintza zabala dute eta ikusi dugunaren arabera oso motibagarriak dira.

Etorkizunean, gu irakasle izango gara eta gure haur taldearekin ekintzak egiteko webgune hauez balia gaitezke ideiak hartzeko; dena den, haurrentzat aberasgarriagoa izango litzateke museora joatea eta bertan, pertsona espezializatu batekin lan egitea. Hortaz, haurrek bisitatzeko museo gutxi baldin baditugu eta gainera hauek haur hezkuntzari begira ekintza gutxi prestatzen badituzte, irakasleok ez dugu aukera izango haurrak bertara eramateko, eta haurrek ez dute arteaz bizituko eta gozatuko. Izan ere, gure ustez, museoek aukera paregabea eskaintzen dute norbere mundu-ikuskera zabaltzeko, interpretazioak egiteko nahiz teknikak ikasteko, adina eta pertsonon egoera edozein delarik ere; halaber, artearekiko errespetua eta sentsibilizazioa bultzatzeko ezinbestekoa deritzogu museoetarako bisitak egitea, haurrek kontzientzia eskuratzen duten momentutik bertatik hasita. Beraz, inguruko museoen erronketako bat haur hezkuntzarako bisita gidatuak eta jarduerak antolatzea izan behar luke.

2010/03/08

GURE PLASTIKA-HISTORIA


Lege batzuk urte askoan indarrean irauten duten bitartean beste batzuk azkar aldatzen dira. EAEn hezkuntzari dagozkion legeak nahikoa maiz aldatzen direla esan dezakegu eta honek, askotan, egonkortasun ezara garamatza. Aldaketak beharrezkoak dira, noski, aldaketak hobekuntza eta aberastea baldin badakar bederen. Hala ere, lege aldaketa hauek ez dira errealitatean berehala islatzen. Benetako erreformak askotan, berandu iristen dira, instituzionalizatzen diren ideiak aldatzen daudelako jadanik.

Ildo honetatik, guri hezkuntza-sistemako LOGSE legea (1990) egokitzen bazitzaigun ere, praktikan, aurreko legea, hau da, LGEn geratu ginen, marrazkia eta eskulanen kontzeptu tradizionaletara mugatzen baitzen gure plastikako jarduna. Egia da, material eta teknika ezberdinak erabiltzen genituela eskulan hauek egiteko; nolabait, adierazpen libre eta naturalago bat lortzeko helburuarekin. Xede hau teoria hutsean geratzen zen maiz.

Gure autobiografiak eta hezkuntza artistikoaren eboluzio historikoa erreparatu eta zein puntutan egon garen kontuan izanik, galdera asko planteatzen ditugu artea nola ikusi izan den eta oraindik ere nola ikusten den konturatzeko.

Hezkuntzan aldaketa anitz eman dira; ezin konpara ditzakegu gure gurasoek bizitutako eskola garaia gure eskola garaiarekin. Hau horrela izanik ere, gure ustez eskolan arteari dagokionez ez aurrera ez atzera geratu dira. Orokorrean, eskoletan garrantzia gutxi ematen zaio artea lantzeari; ezjakintasuna eta ondorioz, beldurra da nagusi jarrera honen atzean. Artearen inguruko ezjakintasun honek bide okerrak hartzera eraman du eskola; ez da honen benetako balioa eta aberastasuna ezagutzen eta lantzen denean orokorrean beste esparrutan onurak bilatzeko izan ohi da. Artea egiteko arrazoiak kanpoan bilatzen dira, beste zerbaiten osagarri edo bigarren mailako laguntzaile bezala geratuz.

Honen aurrean eta artearen inguruko ulertzea zabalduta, eskolan bestelako ikuspegi eta jarrerak indartzearen alde azaltzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Egun, jendartean ikus-kulturak duen garrantzia ikusita, eskolak errealitate hau onartu eta landu beharko lukeela iruditzen zaigu. Hala, kontzeptu itxi eta tradizionalak gaindituz, hain esparru zabala den arteak eskaintzen dizkigun izkina askotara heltzeko nahia jarriko litzateke eskolan.

Hau lortzeko, beharrezkoa ikusten dugu haurrak artearen mundura gehiago hurbiltzea. Artea edozein tokitan aurki dezakegu, artearen adierazpide forma ezberdinak. Errealitate hau bizitzen lagundu behar diegu haurrei, herriko eraikuntzak ikustera joan, museoak bisitatu, artelanak erakutsi,…

Bestalde, bizitutako hori interpretatzen lagundu beharko diogu haurrari eta forma estetikoez haratagoko esanahiak bilatzen, beren esanahiak erakitzen lagunduko diogu, beti ere hauen testuingurua kontuan hartuz. Ikusmena lantzeaz gain, beste zentzumenak ere landu beharko dira, haurraren garapen osoa lortze aldera. Eskolak ikus-kultura modu kritiko batean ulertzeko hezkuntza eskaini behar duelakoan gaude.

Aipatzekoa da ere, artean prozesua bera dela garrantzia hartzen duena edota hartu beharko lukeena. Prozesua bera da ebaluatu behar litzatekeena, emaitza soilak ez baitigu ibilbide guztian jazotakoaren berri emango.

Arteak mundua beste modu batera ulertzeko aukera eskaintzen digu, eta norbere nortasuna kulturarekin eta, oro har, bizitzarekin kontaktuan jartzen du. Osotasunean hezteko hain bide aberatsa izaki, zergatik ez aitortu duen garrantzia?