2010/03/08

GURE PLASTIKA-HISTORIA


Lege batzuk urte askoan indarrean irauten duten bitartean beste batzuk azkar aldatzen dira. EAEn hezkuntzari dagozkion legeak nahikoa maiz aldatzen direla esan dezakegu eta honek, askotan, egonkortasun ezara garamatza. Aldaketak beharrezkoak dira, noski, aldaketak hobekuntza eta aberastea baldin badakar bederen. Hala ere, lege aldaketa hauek ez dira errealitatean berehala islatzen. Benetako erreformak askotan, berandu iristen dira, instituzionalizatzen diren ideiak aldatzen daudelako jadanik.

Ildo honetatik, guri hezkuntza-sistemako LOGSE legea (1990) egokitzen bazitzaigun ere, praktikan, aurreko legea, hau da, LGEn geratu ginen, marrazkia eta eskulanen kontzeptu tradizionaletara mugatzen baitzen gure plastikako jarduna. Egia da, material eta teknika ezberdinak erabiltzen genituela eskulan hauek egiteko; nolabait, adierazpen libre eta naturalago bat lortzeko helburuarekin. Xede hau teoria hutsean geratzen zen maiz.

Gure autobiografiak eta hezkuntza artistikoaren eboluzio historikoa erreparatu eta zein puntutan egon garen kontuan izanik, galdera asko planteatzen ditugu artea nola ikusi izan den eta oraindik ere nola ikusten den konturatzeko.

Hezkuntzan aldaketa anitz eman dira; ezin konpara ditzakegu gure gurasoek bizitutako eskola garaia gure eskola garaiarekin. Hau horrela izanik ere, gure ustez eskolan arteari dagokionez ez aurrera ez atzera geratu dira. Orokorrean, eskoletan garrantzia gutxi ematen zaio artea lantzeari; ezjakintasuna eta ondorioz, beldurra da nagusi jarrera honen atzean. Artearen inguruko ezjakintasun honek bide okerrak hartzera eraman du eskola; ez da honen benetako balioa eta aberastasuna ezagutzen eta lantzen denean orokorrean beste esparrutan onurak bilatzeko izan ohi da. Artea egiteko arrazoiak kanpoan bilatzen dira, beste zerbaiten osagarri edo bigarren mailako laguntzaile bezala geratuz.

Honen aurrean eta artearen inguruko ulertzea zabalduta, eskolan bestelako ikuspegi eta jarrerak indartzearen alde azaltzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Egun, jendartean ikus-kulturak duen garrantzia ikusita, eskolak errealitate hau onartu eta landu beharko lukeela iruditzen zaigu. Hala, kontzeptu itxi eta tradizionalak gaindituz, hain esparru zabala den arteak eskaintzen dizkigun izkina askotara heltzeko nahia jarriko litzateke eskolan.

Hau lortzeko, beharrezkoa ikusten dugu haurrak artearen mundura gehiago hurbiltzea. Artea edozein tokitan aurki dezakegu, artearen adierazpide forma ezberdinak. Errealitate hau bizitzen lagundu behar diegu haurrei, herriko eraikuntzak ikustera joan, museoak bisitatu, artelanak erakutsi,…

Bestalde, bizitutako hori interpretatzen lagundu beharko diogu haurrari eta forma estetikoez haratagoko esanahiak bilatzen, beren esanahiak erakitzen lagunduko diogu, beti ere hauen testuingurua kontuan hartuz. Ikusmena lantzeaz gain, beste zentzumenak ere landu beharko dira, haurraren garapen osoa lortze aldera. Eskolak ikus-kultura modu kritiko batean ulertzeko hezkuntza eskaini behar duelakoan gaude.

Aipatzekoa da ere, artean prozesua bera dela garrantzia hartzen duena edota hartu beharko lukeena. Prozesua bera da ebaluatu behar litzatekeena, emaitza soilak ez baitigu ibilbide guztian jazotakoaren berri emango.

Arteak mundua beste modu batera ulertzeko aukera eskaintzen digu, eta norbere nortasuna kulturarekin eta, oro har, bizitzarekin kontaktuan jartzen du. Osotasunean hezteko hain bide aberatsa izaki, zergatik ez aitortu duen garrantzia?

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada