2010/06/01

HUTSUNE BETEA (Mikel Laboa eta Jorge Oteiza)



















Irati eta Haizea

AITZIBERREN ARTELANA


Artelana egiteko, Oteitzaren "caja metafisica"n oinarritu naiz. Oteitzaren artelan hau, kubo huts bat da, non zenbait irekiune dituen. Honetan oinarrituz, nik kubo beltz bat eraili dut, baina irekiune desberdienkin. Alde batetik, badago irekiune handi bat, Oteitzaren kaxari erreferentzia egiten diona, baina bestetik, leiho itxura duen beste irekiune bat dago. Honekin batera, kutxari lerroak margotu dizkiot, kaiola itxura emateko. Azken bi elemetu hauekin (leihoa eta kaiola) Laboari egin keinu bat egin nahi izan diot. "Txoriak txori" abestia oso gustoko dudanez, artelan honetan agertzea nahi nuen.

Beraz, artelan honetan Oteitza eta Laboari erreferentzia egiten diot. Oteitzaren kutxa metafisikoa "kaiola" bihurtu dut Laboaren "txoriak txori" abestiarekit bat egiteko.

Artelana beltza da, abestia bezala, tristea. Laboaren abestia entzuten dudanean, tristura sentitzen dut, nahiz eta abestiak askatasunari erreferentzia egin. Askotan mezu batekin, kontestuaren arabera sentimendu desberdinak hautematen ditugu. Askatasunarekin poza sentitzen dugu normalean, baina abesti honetan poza baino tristura sentitzen dut, horregatik margotu dut beltzez.

Askatasunari erreferentzia egiten diot. Leihoa ireki dut kaiolan txiria askatzeko, baina txoria askatu beharrean musika askatzen da, partitura bat, kaiola barruan zegoen musika kaiolatik ateratzen da. Musika da askotan sentimendu asko sorrarazten dituen elementua, horregatik aukeratu dut sinbolo hau.

Gustatzen zaizue??

Aitziber

2010/05/28

IKASTURTEAREN BALORAZIOA


Ikasturte amaierara iritsita, egindako ibilbidearen hausnarketa egitea dagokigu orain. Gure blog-ari hasiera eman genion Ikasgaiaren Nondik Norakoak idazkia birrartuz, gure espektatibak bete diren ala ez baloratu behar dugu.

Oro har, arte munduarekiko ikuspegia aldatu zaigulakoan gaude. Izan ere, artea arrotza eta eskuraezina dela pentsatzetik, gugana hurbildu eta bakoitzak bere erara ulertzeko eta interpretatzeko modua dela pentsatzera igaro gara. Halaber, sormena eta originaltasuna guztiok gara ditzakegun trebetasunak direla baiezta dezakegu, baina era berean, hauek gure barnetik esnatu, zirikatu eta erabiltzea ezinbestekoa da. Honetarako irakasleok eta, oro har, eskolak tresna ezin hobeak gara hau guztia lantzeko motibazioa sortze aldera.

Plastikak haurraren garapen kognitibo, psikologiko eta sozialean eragin esanguratsua izan dezan, betiko eredu itxiak baztertu eta aukera anitzei nahiz proiektu irekiei tokia eskeini behar litzaieke; hauxe da, hain zuzen, gure teknografian islatu nahi izan dugun ideia eta egiten dugun proposamena.

Bestalde, etengabe haurraren sormenaz eta gaitasunez hitz egiten dugun arren, irakasleok ekimena izan behar dugu gure sormenari ateak irekitzeko. Ildo honetan, ikasturtean zehar hainbat ekarpen eta ekoizpen egin ditugu, guztiak maila desberdinekoak; izan artikuluei buruzko iritziak, Laboaren zenbait abestiren arte-adierazpena, teknografia bera edo arteak orokorrean iradoki dizkigun hausnarketa-prozesuak.

Azkenik, talde-lanean arituz eta etengabeko burutazioei erantzunak bilatzeko dedikazio handia eskaini behar izan diogu ikasgaiari. Honek, maila pertsonalean eta etorkizuneko lanari begira, hiruroi ekarpen aberasgarria egin digu.

Besterik gabe eta hemen hasitakoa hemen bukatzen ez dela aintzat hartuz, ondo segi eta muxu handi bat!

2010/05/25

MIKEL LABOA PROIEKTUA
















Mikel Laboaz zer esan, bere handitasunean hitzak txiki geratzen dira eta. Gure kulturaren zati handi eta esanguratsua, sua itzal ez zedin behar izan zen hauspoa.

Mikel Laboaren proiektuan gure artista-senaz baliatuko gara; buruan eduki ditugun ideiak islatu nahi ditugu. Mikel Laboak eta, oro har, “ez dok amairu” taldeak eginiko ibilbideak sentimendu eta hitz ugari ekartzen dizkigute gogora. Sentimenduak hitzak baino gehiago dira beharbada eta hauei adierazpen bat ematea askotan ez da erreza izaten. Hau transmititzea da gure helburua eta horretarako, eskultura bat egitea otu zaigu. Gure eskultura egiteko hain lagun handia eta bizitzako bidailagun izan zuen Oteizaren lanak hartu ditugu oinarritzat. Mikel Laboak emandakoa eta Oteizak utzitakoa uztartzen saiatuko gara gure lanean (ikus HUTSUNE BETEA).




Izan direlako gara, garelako izango dira.

TEKNOGRAFIA

Batzuetan urrun ikusten genuen eguna bazen ere, azkenean iritsi da teknografia bukatutzat eman dugun eguna! Eta oso pozik gaude , bai horixe!

Teknografia egitea lan polita izan da, baina aitortu behar dugu, bidean oztopo dexente gainditu behar izan ditugula. Nahiko hasieratik arazoak izan genituen Moviemaker programarekin eta hauek konpontzea ez da lan erraza izan. Gure ideia eta mezua teknografian txertatzeko nahia eta ilusioak ostera, oztopo tekniko hauek gainditzeko pazientzia eta gogoa eman digute.

Gorabehera askoko prozesua izan da beraz, baina, azkenean emaitza bikaina lortu dugu! Merezi izan du egindako lanak, pasatako orduek, bideoa ikusten dugunean, nahi genuen hori islatzen baita.

Hausnarketara bultzatzen gaituen ibilbide honetan, proposatutako etorkizuna marraztea egokitzen zaigu. Ea guztion gogoarekin eta konpromezuarekin lortzen dugun.

Bideoan azaltzen den legez, aldaketa norberaren esku dagoelako... EKIN!

Gustatuko zaizuelakoan,

Izan ongi!

2010/05/07

KAFETXO BAT HARTU NAHI?? mmmm....

http://www.youtube.com/watch?v=SF4WOET3Igs

BIDEOAREN NONDIK NORAKOAK II

Taldekideon artean pentsatu, eztabaidatu, partekatu eta adostu ondoren teknografian azaldu beharreko ideia eta mezua zein izango zen argi geratu zitzaigun. Hala, kontatu nahi genuen hori nola kontatu genezakeen pentsatzeari ekin genion. Norberak buruan duen hori nahi eta behar bezala komunikatzea maiz ez da lan erraza izaten, ordea, eta buruan genuen hori, bideoan islatu behar genuen.

Narrazio linealak nondik gatoz, non gaude eta nora goazen logikari jarraitzen badio ere, gure teknografia non gaude galderarekin hasiko genuela erabaki genuen, azken batean, non gauden galderari erantzuteko ezinbestekoa baitzaigu nondik gatozen galderaren inguruan pentsatzea. Guk txikitan egindako artelanak izango ziren iraganaren ispilu; egindakoa erakutsiz, bizitutakora hurbilduko ginateke neurri batean. Txikitako artelanak bildu eta klasera ekarri genituen, hauei argazkiak ateratzeko asmoz. Hala ere, ez dakigu oraindik nola, baina poltsa batean gorde genituen beste lan batzuekin batera eta ez ditugu aurkitu! Horrela, nondik gatoz atala beste lan batzuen argazkiekin osatu dugu. Gureak ez badira ere, guk egindakoen antzekoak direnez, baliagarriak iruditu zitzaizkigun.

Bideoan ikusten den legez, espazioa ezagutuz eta taldekideon begiradak gurutzatuz oroitzapenetan murgilduko gara. Gero, iraganetik orainera egingo dugu salto eta errealitate kolore bakar eta karratua ikusiko dugu. Saltzen diguten errealitatea bakarra eta iraunkorra bailitzan. Errealitatearen eraikuntza itxi eta hotz hau desegiten hasiko gara gure errealitate berria eraiki ahal izateko; gure bizipenekin osatutakoa eta gure nahiekin eta beharrekin indartutakoa. Artea egiteko, sentitzeko, bizitzeko beste moduak badirela aldarrikatzen dugu; beste mundu bat posiblea dela, alegia. Metafora hau Lego eraikuntza batzuen bitartez irudikatu dugu.

Errealitate berri hori, ordea, ez dugu aukera bakarrarekin erlazionatu nahi; horregatik, ate ezberdinak aurkeztuko ditugu eta hauen atzean bide ezberdinak. Dagoena zalantzan jartzea eta honen inguruan hausnartzea proposatzen dugu, abiapuntua hau izanik, ondoren guk nahi dugun bidea eraiki dezagun.

Argazkiak, bideoak, marrazkiak, musika… material guztia prest geneukan gure bideoa egin ahal izateko. Gelan, kalean, etxean egin genuen lan eta guztia muntatzea besterik ez zitzaigun falta. “Besterik” esateko modua bat da eta kasu honetan, ez oso egokia. Izan ere, bideoaren muntaian eduki ditugun arazoak ez dira gutxi izan. Argazki eta bideoen formatua lehenik, Movie Makerra gero,… Oraindik horrekin gabiltza eta gogo eta pazientziarekin lan txukuna geratzea espero dugu, egindakoak bere emaitzak izan ditzan, teknografia egindako lanaren erakusgarri izan dadin.

2010/05/04

Hona, Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin egindako bigarren bideokonferentziarako prestatu genuena, jarritako galderei erantzuna emanez:

¿Qué podemos aportar los estudiantes de magisterio a los de Bellas Artes?

Magisteritzako ikasleek arte ederretako ikasleei hainbat ekarpen egin diezazkiekegula uste dugu. Hezkuntzaren inguruan dituzten ideiak zabaltzea edo aldatzea (metodologia, haur eta irakasleen funtzio eta harremanak,…) Azken batean, dituzten ideiak jendartean nagusi den ereduaren isla izan ohi baitira. Honekin, irakasleak duen papera eta hezkuntzak gugan duen garrantziaz jabetzea lortuko dugu.Haurrekin lan egiten dugun heinean, haurren mundu ikuskerara gerturatu ditzakegu,helduon ikuskera bakarra eta eztabaidaezina ez dela ohartaraziz.

¿Qué es lo que podemos aportar los estudiantes de bellas artes a los de magisterio ?

Arte mundura hurbiltzeko pertsona aproposak izan daitezke. Orain arte jaso ez dugun hurbilpen eta ikuskera eman diezagukete, artearekiko ar los estudiantes de bellas artesa los de magisterio ?sentsibilizazioa eta harreman estuagoa lortze aldera.

2010/04/20

2010/03/23

ARTELEKU


Artelekun lantzeko aukeratu genuen gaia ZINEMA da. Bertan bi libururekin egin dugu topo eta ondokoa pentsatu dugu.

“International film guide 2008” liburua, nazioarteko pelikulei buruzkoa da eta honek inspiratu gaitu, zinemaren gaia aitzakiatzat hartuz, kulturartekotasuna lantzeko irakasle-ikasle arteko elkarrizketen bidez. Irakasleak galdera irekiak proposa ditzake, eta erantzunen arabera pixkanaka kulturatekotasunaren gaira gidatu. Adibidez, Zinemara joaten al zarete? Zer ikusten duzue bertan? Nola egiten dira pelikulak? Nolakoak dira pelikulak (gaia, pertsonaiak,…)? Non egiten dira? Aktoreak berdinak al dira? Nongoak izan daitezke?. Nolanahi ere, garrantzitsua izango da hau guztia haurrek duten ezagupenekin lotzea; honetarako, haurraren ikuspegirantz joko genuke behin eta berriro, ikusten duten zinema motari (marrazki bizidunak) erreferentziak eginez (marrazki bizidunak herrialdearen arabera ere desberdinak baitira).

Gai honekin lotuta, beste liburu bat topatu dugu, “Cine vasco: ¿realidad o ficcion?”. Kasu honetan, izenburuak berak zer pentsatu eman digu. Izan ere, haur hezkuntzako umeak etengabe ari dira errealitatetik fikziora joan-etorriak egiten jolas sinbolikoen, poesiaren edo ipuinen bidez. Hala, haurraren garapen maila zein den jakiteko, errealitatearen eta fikzioaren arteko bereizketa egiten ote duten jakitea ezinbestekoa deritzogu; honetarako jarduera egokiak aukeratu edo ekintzak bideratu egin beharko ditugu adinean aurrera egin ahala fizkiozko mundua alboratzen joan daitezen. Hala, zinemari dagokionez, eskolan egiteko proposamen bat honakoa izan daiteke: antzerkia eta dramatizazioa ohiko ekintza direnez, irakasleok hauek graba ditzakegu eta gero denen artean ikusi; grabaketak errepika ditzakegu haurrei grabatzeko aukera emanez. Baina ez du zertan grabaketa hutsean geratu behar. Aitzitik, zergatik ez zinemari buruzko proiektu bat landu? Aukera polita izan daiteke haurrek diseinuan, antolakuntzan, mozorroetan, testuetan eta grabaketan parte hartzeko. Aukera polita hain modan dauden “konpententziak” eskuratzeko.

Hasiera batean, ZINEMA helduon gaia dela iruditu zaigu, baina pentsatzen jarrita, haurrekin edozein gai lan daiteke, noski, beren adinera eta garapenera egokitua..

HAUR HEZKUNTZA ETA MUSEOAK


Koldo Mitxelena eta Artelekura irteerak egin ondoren, gogoeta txiki bat egin dugu taldekideon artean. Gure eskola garaian museoren batera joaten ginenean, bisita oso antolatua izaten zen. Gidak esan beharrekoa kontatzen zigun eta gu, isil-isilik eta ezer ukitu gabe, entzuten egoten ginen. Txandak egiten genituen erakusketan zegoena ikusteko, eta handik berriro eskolara.

Hau dela-eta, artea eta museoak seriotasunarekin erlazionatzen genituen, eta urrunekoa, aseptikoa sentitzen genuen, askotan baita aspergarria den zerbait bezala ere. Gaur egun, aldiz, irteeretan jaso eta webguneetan ikusi dugunaren arabera, museoek, hezkuntza ikuspegitik, artearen inguruan jokatzen duten paperari buruz genuen ideia aldatu da. Ekintza asko eskeintzen dira museoetan. Gauzak ikusteaz gain, ukitu ere egin daitezke, baita sentitu eta gozatu ere aldi berean. Honekin lortzen dena da haurrak artean murgiltzea eta bizitzea, era berean, artea bestelako adierazpide-modutzat ulertuz.

Artea bizitzeaz ari garelarik, ikusi dugunaren arabera, jarduera asko irekiak dira. Guk gure eskolan ezagutu genituen jarduerak guztiz gidatuak ziren eta azkenean denok lortzen genuen produktua berdina zen. Jarduera hauek aldiz, zati batean zehar gidatuak dira, baina sormenari ere lekutxo bat uzten diote. Haur bakoitzak egin nahi duena aukeratu eta barnean dauzkan sentipenak eta mundu-ikuskera atera eta adieraz dezake.

Euskal Herriko Guggenheim eta Artiumeko web orriak ikusi ditugu baina gipuzkoan Koldo Mitxelenaz eta Artelekuz gain ez dugu besterik ikusi (beste ikasgai batekin Itsas Museora joan ginen eta bertan Donostialdeko museoei buruz ere hitz egin ziguten). Ikusitakoetan eskasa, haur hezkuntzarako eskaintzak eskasak dira; hau haurrek dituzten gaitasunak gutxiestearen ondorio izan daiteke, alegia, haurrek duten potentziala aintzat ez hartzearen isla. Mupai edo El Puigeko museoak hemengo museoekin konparatuz gero, haur hezkuntzari begira askoz deigarriagoak dira. Haur hezkuntzarako eskaintza zabala dute eta ikusi dugunaren arabera oso motibagarriak dira.

Etorkizunean, gu irakasle izango gara eta gure haur taldearekin ekintzak egiteko webgune hauez balia gaitezke ideiak hartzeko; dena den, haurrentzat aberasgarriagoa izango litzateke museora joatea eta bertan, pertsona espezializatu batekin lan egitea. Hortaz, haurrek bisitatzeko museo gutxi baldin baditugu eta gainera hauek haur hezkuntzari begira ekintza gutxi prestatzen badituzte, irakasleok ez dugu aukera izango haurrak bertara eramateko, eta haurrek ez dute arteaz bizituko eta gozatuko. Izan ere, gure ustez, museoek aukera paregabea eskaintzen dute norbere mundu-ikuskera zabaltzeko, interpretazioak egiteko nahiz teknikak ikasteko, adina eta pertsonon egoera edozein delarik ere; halaber, artearekiko errespetua eta sentsibilizazioa bultzatzeko ezinbestekoa deritzogu museoetarako bisitak egitea, haurrek kontzientzia eskuratzen duten momentutik bertatik hasita. Beraz, inguruko museoen erronketako bat haur hezkuntzarako bisita gidatuak eta jarduerak antolatzea izan behar luke.

2010/03/08

GURE PLASTIKA-HISTORIA


Lege batzuk urte askoan indarrean irauten duten bitartean beste batzuk azkar aldatzen dira. EAEn hezkuntzari dagozkion legeak nahikoa maiz aldatzen direla esan dezakegu eta honek, askotan, egonkortasun ezara garamatza. Aldaketak beharrezkoak dira, noski, aldaketak hobekuntza eta aberastea baldin badakar bederen. Hala ere, lege aldaketa hauek ez dira errealitatean berehala islatzen. Benetako erreformak askotan, berandu iristen dira, instituzionalizatzen diren ideiak aldatzen daudelako jadanik.

Ildo honetatik, guri hezkuntza-sistemako LOGSE legea (1990) egokitzen bazitzaigun ere, praktikan, aurreko legea, hau da, LGEn geratu ginen, marrazkia eta eskulanen kontzeptu tradizionaletara mugatzen baitzen gure plastikako jarduna. Egia da, material eta teknika ezberdinak erabiltzen genituela eskulan hauek egiteko; nolabait, adierazpen libre eta naturalago bat lortzeko helburuarekin. Xede hau teoria hutsean geratzen zen maiz.

Gure autobiografiak eta hezkuntza artistikoaren eboluzio historikoa erreparatu eta zein puntutan egon garen kontuan izanik, galdera asko planteatzen ditugu artea nola ikusi izan den eta oraindik ere nola ikusten den konturatzeko.

Hezkuntzan aldaketa anitz eman dira; ezin konpara ditzakegu gure gurasoek bizitutako eskola garaia gure eskola garaiarekin. Hau horrela izanik ere, gure ustez eskolan arteari dagokionez ez aurrera ez atzera geratu dira. Orokorrean, eskoletan garrantzia gutxi ematen zaio artea lantzeari; ezjakintasuna eta ondorioz, beldurra da nagusi jarrera honen atzean. Artearen inguruko ezjakintasun honek bide okerrak hartzera eraman du eskola; ez da honen benetako balioa eta aberastasuna ezagutzen eta lantzen denean orokorrean beste esparrutan onurak bilatzeko izan ohi da. Artea egiteko arrazoiak kanpoan bilatzen dira, beste zerbaiten osagarri edo bigarren mailako laguntzaile bezala geratuz.

Honen aurrean eta artearen inguruko ulertzea zabalduta, eskolan bestelako ikuspegi eta jarrerak indartzearen alde azaltzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Egun, jendartean ikus-kulturak duen garrantzia ikusita, eskolak errealitate hau onartu eta landu beharko lukeela iruditzen zaigu. Hala, kontzeptu itxi eta tradizionalak gaindituz, hain esparru zabala den arteak eskaintzen dizkigun izkina askotara heltzeko nahia jarriko litzateke eskolan.

Hau lortzeko, beharrezkoa ikusten dugu haurrak artearen mundura gehiago hurbiltzea. Artea edozein tokitan aurki dezakegu, artearen adierazpide forma ezberdinak. Errealitate hau bizitzen lagundu behar diegu haurrei, herriko eraikuntzak ikustera joan, museoak bisitatu, artelanak erakutsi,…

Bestalde, bizitutako hori interpretatzen lagundu beharko diogu haurrari eta forma estetikoez haratagoko esanahiak bilatzen, beren esanahiak erakitzen lagunduko diogu, beti ere hauen testuingurua kontuan hartuz. Ikusmena lantzeaz gain, beste zentzumenak ere landu beharko dira, haurraren garapen osoa lortze aldera. Eskolak ikus-kultura modu kritiko batean ulertzeko hezkuntza eskaini behar duelakoan gaude.

Aipatzekoa da ere, artean prozesua bera dela garrantzia hartzen duena edota hartu beharko lukeena. Prozesua bera da ebaluatu behar litzatekeena, emaitza soilak ez baitigu ibilbide guztian jazotakoaren berri emango.

Arteak mundua beste modu batera ulertzeko aukera eskaintzen digu, eta norbere nortasuna kulturarekin eta, oro har, bizitzarekin kontaktuan jartzen du. Osotasunean hezteko hain bide aberatsa izaki, zergatik ez aitortu duen garrantzia?

2010/02/24

BIDEOAREN NONDIK NORAKOAK

Ez da asko ikasgaia hasi genuela baina dagoeneko burubelarri gabiltza lanean. Irakurritako hainbat testu, ikusitako zenbait bideo, gure autobiografía,… hau guztia aintzat hartuta, bideoaren zertzelada batzuk, ideia orokorrak bederen pentsatu ditugu.

Buruari hainbat buelta eman eta gero, zirriborroan ideia anitz idatzi eta azkenean nahikoa garbi geratu zaigu bideoaren bitartez eman nahi dugun mezua.

Jasotako ereduak zalantzan jarri behar ditugu; hausnarketa egin beharko dugu hauen inguruan. Ematen diguten hori, errealitate bakar eta ukiezina bailitzan hartzen da maiz eta gure praktiken bitartez, gustatu ala ez, hauek elikatzen eta erreproduzitzen ditugu. Honen aurrean, dagoena zalantzan jartzea proposatzen dugu, eraikitakoa desegitea, ondoren guk emandako urratsen bidez berreraiki ahal izateko.

Ideia honetatik abiatuta sortu nahi dugu gure bideoa, beti ere hezkuntza eta plastika gaiari lotuta egongo dena. Mezua islatuko duten irudiak, argazkiak, eszena, soinua,… Gauza asko daude oraindik pentsatu, hausnartu eta erabakitzeko. Ematen ditugun urratsen berri izando duzue aurrerago!

NONDIK GATOZ?

Non gauden eta nora joan nahi dugun jakiteko nondik gatozen galderari erreparatzea ez da alferrikako lana. Oraingoan, urte batzuk atzera egin eta plastikari lotutako ibilbidearen oroitzapenak ekarri ditugu gogora. Etxean gordeta genituen guk egindako materialak bildu eta hauek aurrean genituela errazagoa egin zaigu memoriari hautsa kentzea.

Taldean norberaren oroitzapenak eta bizipenak kontatu eta diferentziak diferentzia, oinarrian gauza oso antzekoak egin eta bizi izan ditugula ohartu gara.

Eskolaurrean nahikoa libre aritzen ginen, bakoitzaren sormenari eta espresatzeko bideari leku pixka bat uzten zitzaion. Buztina, plastilina, kolorezko margoak,… Material ugari eta ezberdina erabiltzen genuen.

Lehen hezkuntzan, sormenari toki gutxiago eskainiz, fitxak egitea eta andereñoak eskainitako ereduari jarraitzea zen lan-ildo nagusia. Gelakide guztiok gauza antzekoak eginez iritsi ginen institutura. Bertan marrazketa teknikoa egin genuen; zuzena/okerra edota txukuna/zatarra bezalako dikotomiek hartu zuten indarra. Dikotomia hauen parametroak zorrotz xamar zeuden finkatuta. Batxilergoan jadanik ez genuen artearekin zerikusia zuen ezer landu.

Beraz, gure eskolako ibilbidean sormenerako bidea pixkanaka estutzen joan dela ikusi dugu, plastikaren izaera irekia ixten joan zaigu.

Eskolako eremutik haratagoko esperientziek plastikarekin genuen harremana asko aberastu zutelakoan gaude, ordea. Eskolaz kanpoko ekintzetara joaten ez baginen ere, familiartean erakusten genuen gure artista-sena. Ongi gogoratzen ditugu udako oporretan hondartzetan harriak hartu eta ahizparekin akuarelarekin margotzen genituen egunak, osaba eta lehengusinekin igande arratsaldetan egiten genituen buztinezko ontziak,… Irribarre batekin oroitzen ditugu, ilusioz eta gogoz egiten genituen eskulan horiek. Egiten genuenarekin gozatzen genuen, eta egindakoa norbaiti erakustea edo oparitzea pozgarria zen guretzat. Emaitza bezain garratzitsua zen prozesua bera.

Garai hartan gozatzen genuen bezala, gozatu nahi dugu eta gozarazi nahi dugu orain ere. Beraz, pixkanaka itzali zizkiguten artista-doainak piztu, imajinazioa erabili, eta emozio berriak esnatzeko prest gaude!

¿QUE ESTA PASANDO?

Hezkuntzan, beste zenbait arlotan bezala, askotan Finlandia, Noruega, Suezia edo Estatu Batuak bezalako herrialdeak hartzen ditugu eredutzat. Herrialde hauen berezitasunak aberasgarri direlakoan, interesatzen zaigun arloa bere horretan aplikatu nahi izaten dugu, testuinguruari jaramonik egin gabe. Artikuluan esaten den bezala, irakasle izateko formakuntza desberdina da herrialdearen arabera. Finlandian adibidez, oso ondo funtzionatzen duen eredua dute; gurerako ondorio bera nahi dugunez, eredu berdina ezartzearekin nahikoa dela uste izaten dugu, ingurunea kontuan hartu gabe. Baina gizarteak guztiz desberdinak dira. Eredutzat hartzen ditugun herrialdeetan, alderdi politiko guztiek bat egiten dute hezkuntzaren norabideaz erabakiak hartzerakoan. Euskal Herrian eta Estatu Espainiarrean, berriz, agintaldi bakoitzean, alderdi politikoaren ideologiaren arabera, hezkuntzaren-legea aldatu egiten da. Ez zaio, beraz, hezkuntzari dagokion garrantzia ematen eta ondorioz, ez dago egonkortasunik.

Egun daukagun hezkuntza-eredua hobetu daiteke zalantzarik gabe, haatik, besteek egiten dutena kopiatzearekin ez da arazoa konponduko. Hasteko, hemengo ereduan arazoa non dagoen bilatu beharko genuke; irakasleak, ikasleak, gizartea, agintariak… non dago arazoa? Izan ere, egungo ikasle askok ikasteko interesik ez dute, eta zenbait irakaslek aspaldi ikasiakoarekin nahikoa dutela uste dute, etengabeko formakuntzari muzin eginez. Honek, hezkuntza-ereduaren porrota adierazten digu.

Irakasle izateko formakuntza luzeagoa eginez ere, esate baterako, Finlandian bezala, ez genuke arazoa konponduko (Bolognarekin gertatuko dena; 3 urteko luzapena zuen karrera, orain 4 urtekoa izango da,). Noski, formakuntza luze honetan jasotako teoriak lagungarriak izango dira, baina ez nahikoak irakasle “onak” izateko. Izan ere, esperientzia ezinbestekoa da, bai guk bizitutakoa bai besteek bizitutakoa, alegia, esperientziak partekatzeak izugarri aberats dezake norbere formakuntza.

Bestalde, aniztasuna oso kontuan hartzeko faktorea da; ikusiko baitugu haur-taldeak oso desberdinak direla, haur bakoitzaren izaera berezia dela-eta. Hala, beren beharrak ere desberdinak izango direlarik, irakaslea taldeko haur bakoitzari egokitu beharko zaio, behar bezalako erantzuna eman nahi badu bederen.

Gizartea garatuz doa eta ingurunea etengabe aldatuz. Etorkizunean ere hala izango da eta beharrak ere egungoen desberdinak izango dira. Horregatik, irakasleok jasotako hasierako formakuntza bezain garrantzitsua izango da ondoren, esperientziarekin eta hauen elkartrukeekin jasoko duguna. Azken batean, hori izango da irakasleari egoerara, taldera eta beharretara egokitzen lagunduko diotena.

2010/02/21

¿MATAN LAS ESCUELAS LA CREATIVIDAD?

Ken Robinsonen umore eta ironiaz betetako hitzek hausnarketarako eta bide berriak sortzeko grina pizten dute. Ideia asko azaltzen zaizkigu hizketaldian baina nagusienak bi hitzen baitan bildu ditzakegu: hezkuntza eta sormena.

Egungo hezkuntza-sistemak toki gutxi uzten dio sormenari eta honek duen garrantzia eta balioa ez dira bermatzen. Haurrek berezkoa dute sormenerako gaitasuna; ez baitira huts egiteko beldur, gauza berrien edo arrotzen aurrean ausardia erakusten dute eta akats hitza ez da beren hiztegietan ageri. Aitzitik, aipatutako jarrera hau heldu izatera iristean galdu egiten da, galdu baino kentzen digute, izan ere, helduok beldur gara akatsak egiteko, gizarteak definitutako parametroen araberako okerrak egiteko. Gizarteak akatsak zigortzen ditu eta helduon jarrera gauzak “ongi” egitera bideratuta dago.

Ildo honetatik, sormen-gaitasunak garatzea oztopatzen duen hezkuntza mota batean hezten ditugu gure haurrak.

Hezkuntza-sistemak modu jakin batean hezten ditu haurrak, sormenaren esparrutik oso urrun. Gaitasun akademikoen ideian zentratzen da batik bat, eta gerora lanerako behar izango den horretan trebatzeko ahalegina egiten da; alegia, helburu instrumentalei eta produktiboei begira dago hezkuntza-sistema. Etorkizunean inor izateko, lan bat aurkitzeko balioko dizun ezer ikasi beharko da. Orainean baino, etorkizunean bizitzera behartzen gaituzte. Hala ere, nork jakin etorkizunean zer egongo den? Eta, zer etorkizun nahi dugu?

Hala, buruari eta zehazkiago buruko alde bateko inteligentziari jartzen zaio arreta eta gainontzeko guztiak ezertarako balioko ez balu bezala jokatzen da. Gaitasun asko landu ordez, hauek gutxiesten dira. Horrela, gaien hierarkizazioa egiten da eskoletan, eta mailaketa zentzugabe honetako beheko eskilaretan kokatzen dute artea. Matematika eta hizkuntzetan trebea dena baloratuko da; dantzari ona dena, ordea, ez.

Inteligentziak, ordea, baditu hamaika ezaugarri eta hauek guztiak zaintzea eta lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Sormenak baditu mila bide. Hauek moztu eta itxura berdina eman beharrean, hauek landuz eta jarritako muga antzuak gaindituz etorkizunari hobe aurre egingo diogu.

Halaber, hezkuntza-sistemak gaitasun batzuk indartuz eta beste batzuk erabat zapalduz jokatu beharrean, ezberdintasunak aintzat hartuta osotasunean hezi beharko ditu gure haurrak.

IKASGAIAREN NONDIK NORAKOAK

Ikasgai honen hasierako puntuan egonik, kurtsoan zehar jorratutako ibilbidearen ondoren, plastikarekiko eta oro har arte-munduarekiko dugun ikuspegia aldatuko zaigulakoan gaude.

Ikuspegi aldaketa honetan lehenego egitekoa, Plastika hitzak berezko dituen sormena eta originaltasuna pertsona jakinei esleitzen zaizkien mitoa baztertzetik hasita, guztiok gara ditzakegun trebetasunak direla sinistera igarotzea izango da. Bestetik, plastikak haurraren garapen kognitibo, psikologiko eta sozialean duen garrantziaz jabetu beharko dugu, ondoren, gure hezkuntza-eginkizunean nola jokatu jakin dezagun, praktikan nola jarri erabaki beharko baitugu. Halaber, informazio berria eta zabala jasoko dugularik, ziur gaude plastikarekiko eta artearekiko jakinmina eta begirunea areagotuko zaizkigula.

Bigarrenez, gure sormena garatzeko tartea izango dugula espero dugu, sormena bera produkzioen bidez praktikan jarriz.

Hirugarrenik, gure ogibiderako garrantzia handikoa izango delarik, haurrei sormena garatzeko eskaini beharko dizkiegun baliabideak eta estrategiak zehazteko gaitasuna eskuratzea espero dugu.

Azkenik, artea denboran aldatuz doanez eta, egun, teknologia berriek hartu duten indarraz jabetuta, plastika lantzeko modu desberdinak ikastea dugu helburu, hala nola, ohiko materialak erabiltzeaz gain eta ohiko produkzioak egiteaz gain, hauek teknologia berriekin uztartzea.

2010/02/12

Ongi Etorri!!!

Aupa lagunok!

Hona hemen Plistiplastika taldekideon erakusleihoa; guztion hausnarketaz, sormenaz eta originaltasunaz koloreztatu nahi dugun topagunea.

Dakigunetik abiatuz, jakinmina eta interesa uztartuz, bizipenekin esanahi berriak eraikitzera goaz, guretzat eta zuretzat, gurekin eta zurekin.

Sentitu, pentsatu, adierazi... ekin!

Aitziber, Haizea eta Irati