Koldo Mitxelena eta Artelekura irteerak egin ondoren, gogoeta txiki bat egin dugu taldekideon artean. Gure eskola garaian museoren batera joaten ginenean, bisita oso antolatua izaten zen. Gidak esan beharrekoa kontatzen zigun eta gu, isil-isilik eta ezer ukitu gabe, entzuten egoten ginen. Txandak egiten genituen erakusketan zegoena ikusteko, eta handik berriro eskolara.
Hau dela-eta, artea eta museoak seriotasunarekin erlazionatzen genituen, eta urrunekoa, aseptikoa sentitzen genuen, askotan baita aspergarria den zerbait bezala ere. Gaur egun, aldiz, irteeretan jaso eta webguneetan ikusi dugunaren arabera, museoek, hezkuntza ikuspegitik, artearen inguruan jokatzen duten paperari buruz genuen ideia aldatu da. Ekintza asko eskeintzen dira museoetan. Gauzak ikusteaz gain, ukitu ere egin daitezke, baita sentitu eta gozatu ere aldi berean. Honekin lortzen dena da haurrak artean murgiltzea eta bizitzea, era berean, artea bestelako adierazpide-modutzat ulertuz.
Artea bizitzeaz ari garelarik, ikusi dugunaren arabera, jarduera asko irekiak dira. Guk gure eskolan ezagutu genituen jarduerak guztiz gidatuak ziren eta azkenean denok lortzen genuen produktua berdina zen. Jarduera hauek aldiz, zati batean zehar gidatuak dira, baina sormenari ere lekutxo bat uzten diote. Haur bakoitzak egin nahi duena aukeratu eta barnean dauzkan sentipenak eta mundu-ikuskera atera eta adieraz dezake.
Euskal Herriko Guggenheim eta Artiumeko web orriak ikusi ditugu baina gipuzkoan Koldo Mitxelenaz eta Artelekuz gain ez dugu besterik ikusi (beste ikasgai batekin Itsas Museora joan ginen eta bertan Donostialdeko museoei buruz ere hitz egin ziguten). Ikusitakoetan eskasa, haur hezkuntzarako eskaintzak eskasak dira; hau haurrek dituzten gaitasunak gutxiestearen ondorio izan daiteke, alegia, haurrek duten potentziala aintzat ez hartzearen isla. Mupai edo El Puigeko museoak hemengo museoekin konparatuz gero, haur hezkuntzari begira askoz deigarriagoak dira. Haur hezkuntzarako eskaintza zabala dute eta ikusi dugunaren arabera oso motibagarriak dira.
Etorkizunean, gu irakasle izango gara eta gure haur taldearekin ekintzak egiteko webgune hauez balia gaitezke ideiak hartzeko; dena den, haurrentzat aberasgarriagoa izango litzateke museora joatea eta bertan, pertsona espezializatu batekin lan egitea. Hortaz, haurrek bisitatzeko museo gutxi baldin baditugu eta gainera hauek haur hezkuntzari begira ekintza gutxi prestatzen badituzte, irakasleok ez dugu aukera izango haurrak bertara eramateko, eta haurrek ez dute arteaz bizituko eta gozatuko. Izan ere, gure ustez, museoek aukera paregabea eskaintzen dute norbere mundu-ikuskera zabaltzeko, interpretazioak egiteko nahiz teknikak ikasteko, adina eta pertsonon egoera edozein delarik ere; halaber, artearekiko errespetua eta sentsibilizazioa bultzatzeko ezinbestekoa deritzogu museoetarako bisitak egitea, haurrek kontzientzia eskuratzen duten momentutik bertatik hasita. Beraz, inguruko museoen erronketako bat haur hezkuntzarako bisita gidatuak eta jarduerak antolatzea izan behar luke.
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada