2010/02/24

NONDIK GATOZ?

Non gauden eta nora joan nahi dugun jakiteko nondik gatozen galderari erreparatzea ez da alferrikako lana. Oraingoan, urte batzuk atzera egin eta plastikari lotutako ibilbidearen oroitzapenak ekarri ditugu gogora. Etxean gordeta genituen guk egindako materialak bildu eta hauek aurrean genituela errazagoa egin zaigu memoriari hautsa kentzea.

Taldean norberaren oroitzapenak eta bizipenak kontatu eta diferentziak diferentzia, oinarrian gauza oso antzekoak egin eta bizi izan ditugula ohartu gara.

Eskolaurrean nahikoa libre aritzen ginen, bakoitzaren sormenari eta espresatzeko bideari leku pixka bat uzten zitzaion. Buztina, plastilina, kolorezko margoak,… Material ugari eta ezberdina erabiltzen genuen.

Lehen hezkuntzan, sormenari toki gutxiago eskainiz, fitxak egitea eta andereñoak eskainitako ereduari jarraitzea zen lan-ildo nagusia. Gelakide guztiok gauza antzekoak eginez iritsi ginen institutura. Bertan marrazketa teknikoa egin genuen; zuzena/okerra edota txukuna/zatarra bezalako dikotomiek hartu zuten indarra. Dikotomia hauen parametroak zorrotz xamar zeuden finkatuta. Batxilergoan jadanik ez genuen artearekin zerikusia zuen ezer landu.

Beraz, gure eskolako ibilbidean sormenerako bidea pixkanaka estutzen joan dela ikusi dugu, plastikaren izaera irekia ixten joan zaigu.

Eskolako eremutik haratagoko esperientziek plastikarekin genuen harremana asko aberastu zutelakoan gaude, ordea. Eskolaz kanpoko ekintzetara joaten ez baginen ere, familiartean erakusten genuen gure artista-sena. Ongi gogoratzen ditugu udako oporretan hondartzetan harriak hartu eta ahizparekin akuarelarekin margotzen genituen egunak, osaba eta lehengusinekin igande arratsaldetan egiten genituen buztinezko ontziak,… Irribarre batekin oroitzen ditugu, ilusioz eta gogoz egiten genituen eskulan horiek. Egiten genuenarekin gozatzen genuen, eta egindakoa norbaiti erakustea edo oparitzea pozgarria zen guretzat. Emaitza bezain garratzitsua zen prozesua bera.

Garai hartan gozatzen genuen bezala, gozatu nahi dugu eta gozarazi nahi dugu orain ere. Beraz, pixkanaka itzali zizkiguten artista-doainak piztu, imajinazioa erabili, eta emozio berriak esnatzeko prest gaude!

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada